Hona hemen Idazkera Lantegiko klaserako idatzi behar izan ditugun editorialak, lehena Aitor Zabaletak idatzita eta bigarrena Saioa Baleztenak eta biok idatzita. Espero dut haiekin arazorik ez egotea, ez diedalako galdetu ea hemen argitaratzea axola zien ala ez...
Sugea eta aizkora
Aizkorakadaz aizkorakada, aizkolariek egurra mozten duten bezala, segurtasun indarrek sugea kolpatzen dute etenik gabe. Aizkorakadaz aizkorakada sugearen bizia dute helburu. Bizia ez, baina bai burua, behin eta berriz kendu diotela, moztu dutela, esaten digute baina arbola ez da erortzen. Sugearen burua, sugandilen buztanaren antzera egun batetik bestera hazten da, berriz jaiotzen da. Mila bider, askotan. Azkena Jurdan Martitegi, antza, behinik behin epaileak hala dela erabaki arte. Aurretik, Javier López Peña Thierry, Garikoitz Aspiazu Txeroki eta beste hainbeste.Polizia bai, polizia lanean ari da. Kamusten ez den aizkora, baina sekula mozten ez duena. Lanean ari da baina ez du lortzen saria, ez du aurkitzen helmuga. Nahiz eta indarrak agortu ez, bakarrik alferrik ari da, arituaren poderioz, egoskorkeriaz ez du lortuko pozoi horri antidotoa ematea.
"Hau konpondu egin behar da, hau ezin da izan" Gorka Landaburu kazetariak horixe esan zien beregana, ospitalera, hurbildu ziren guztiei. 2001ean ETAren biktima bihurtu zen. Zortzi urte pasa badira ere, sendagaiaren formula ez da asmatu. Baina Landaburuk zioen bezala hau konpondu beharra dago. Ahaleginak egin dira, ez da lortu formularekin asmatzea, baina lanean jarraitu behar da: hitza behar da, laborategiko lana, askok “sukaldekoa” deitu zutena. Terminologia gutxienekoa da, azken finean helburua da balio duena. Julen Madariagak ekintza militarren gainetik politikak egon behar zuela garbi zutela esan zuen ETA armatu zenean. Helburu hori ez zen lortu, armak politikaren gainetik jarri ziren eta ondorioa ezagutzen dugu.
Hiltzen ari den sugea, sekula hiltzen ez den hori betiko desagertu dadin hitzak izan behar du protagonista. Hitzik gabeko ekintza polizialek ahulduko dute, baina ez dute hilko. “Usteltzen ari da baina karga badu oraindik” zioen Lluis Llach-ek; Frankoz ari zen. Sugeak hartu zuen aizkora orduan hesola hura botatzeko. Orain, aizkolari zena hesola bihurtu da eta denoi dagokigu sugeari betiko aizkora kendu eta lurperatzea.
Lan egin, eta gero?
Azken hilabeteetako gertakariek panorama zaila utzi diete langileei. Erretiratzeko epearen atzerapena dela eta 67 urte bete arte egin beharko dugu lan guztiok, antza. Aurrerantzean gizartearen aurrerapena lortzeko lan handia egiteko dagoela erakusten du, hain zuzen ere, komunikabideetan ageri den informazioak.
Egun hauetako albisteek adierazten digute urteak pasa arren atzean gelditzen ari dela gizartea. Krisiaren eragina dela eta, beste arrazoi batzuen artean, gaur erretiratzeko beharrezkoak diren baldintzek lekua galduko dute.
Jakina, lanaren arabera gauzak aldatzen dira. Langilearen egoerak kontuan edukitzea garrantzitsua da, beti bakoitzaren betebeharrak desberdinak baitira. Alde batetik, esfortzu fisiko murritzaren beharra duten lanak daude eta bestetik, adinaren eragina handiagoa duten lanak, eta horregatik zailtasunak eragiten dituztenak.
Dirudienez aurrera eramango den aldaketarekin betiko galdera aurkezten zaigu: bidezkoa al da? Egia da egunotako bizi itxaropenak aspaldian baino askoz urte gehiago biziko dugula igartzen duela, eta egia da ere gaur egun lehen baino jubilatu askoz gehiago baina jende gazte askoz gutxiago dagoela, populazioaren zahartzearen seinale. Izan ere, lehen 4 langile zegoen jubilatu bakoitzeko eta gaur 2 bakarrik dira erretiro bakoitza ordaintzen dituztenak.
Dena den, erretiratzeko momentua bi urte gehiago luzatzeak arazoa zertxobait besterik ez luke konponduko. Ziur neurri eraginkorrenak dituela etengabe esaten digun gobernuak ere arazo hau konpontzeko neurri ekonomiko publiko hobeak dituela.