jueves, 15 de mayo de 2008

Aberriaren alde (eta kontra) saiakerari kritika

Saizarbitoriak hain sakonki idatzitako narrazio hau komentatzen hasteko, hari buruz nuen aurreiritziari ezin diot itzuri. Izan ere, obra hau irakurri baino lehen Berriro igo nauzu, Ehun metro eta Gorde nazazu lurpean irakurri nituen eta, azkena salbu, apika, Saizarbitoriaren estiloak nekatzen ninduela uste nuen. Nahiko pisutsu egiten zitzaizkidan haren esaldi luze eta koma tarteko xehetasun ugariak. Baina orduan, zergatik aukeratu nuen liburu hau kritika on bat egiteko helburuarekin? Jadanik ezagutzen nuelako eta jakin-mina nuelako, oraingoan Saizarbitoriak zeren gainean hain luze hitz egingo zidan. Gauza da, gainera, irakurtzen dudan lehen saiakera dela honakoa, eta ez nekien zer aurkitu behar nuen hartan. Horregatik guztiagatik, harridura puntu batekin geratu naiz liburua irakurtzen amaitzean, oraingoan oso gustura irakurri baitut.

Oraingoan, harrigarri iruditzen zaidan zera gertatu zait, idazleak askotan neuk pentsatutakoa azaltzen duela, gogoan daukadana irakurriko balu bezala. Agian horregatik gustatu zait hainbeste, baina batez ere burutik pasatzen zaion guztia hain ongi azaltzeko ahalmena duelako, nik ez bezala. Nire ustez, oso ongi egituratutako saiakera dugu hau, nahiz eta ezin dudan besterekin konparatu, eta irakurleak erabat jakin dezake autoreak uste duen guztia.

Dena den, oso nabaria dena, eta kontakizun osoan mantentzen dena da Saizarbitoriak bere burua justifikatu baina batez ere kritikatzeko egiten duen saioa. Behin eta berriz “kontrakritika” horiekin topatzen gara, eta agian horrek idazleak helarazi nahi digun benetako mezua oztopatzen du. Hala eta guztiz ere, pertsonalki, oso identifikaturik sentitu naiz joera horrekin, nire hausnartzeko erara asko hurbiltzen baita.

Bestalde, harriturik utzi nauen kontu bat izenburuarena da. Aitortu beharra daukat oso erakargarri gertatzen zaidan izenburua dela Aberriaren alde (eta kontra), polemika bilatuko balu bezala agertzen baitzaigu liburuaren azalean, desafio bat bota edo norberaren iritzia kolokan jartzeko helburua erakutsiko balu bezala. Baina ez da hori harritu nauena, baizik eta izenburuaren eta barneko funtsaren arteko aldea. Ez zait iruditzen erabat aberriari buruz ari denik saiakera honetan, baizik eta aberria osatzen duen kulturari buruz, hizkuntza eta literaturari buruz, batez ere. Izan daiteke xede politikoa duen saiakera topatu nahi eta horren ordez hausnarketa kulturala aurkitu izana, baina dena den, baliagarri suertatu zaidan liburua atzeman dudala oraingoan.

Amaitzeko, Saizarbitoriaren alabari aurpegia atera nahi nioke, eta harekin batera euskaraz bizitzen saiatzen diren guztioi, non edo non frustragarriago bada ere eta edozein hizkuntzaren patrimonializazioren gainetik. Zergatik baiko mutikoaren defentsan ere agertuko naiz, zaharkiturik dauden zenbait joera kontserbadorek euskara garatzen utz dezaten, datozenek ere esan behar asko daukatelako. Eta nahiz eta maite zaitut eta te quiero hitzek esanahi ezberdina izan, espero dezagun euskararen futuro eta etorkizunaren arte ulermena laster gertatzea.

5 comentarios:

Jon dijo...

Oso ondo idazten dozu Nerea. Inbidia emoten doztezu, benetan.

Jon dijo...

PD: Istori barria dekozu.

Jon dijo...

Barritu ba!!!

Jon dijo...

Istoriaren amaiera

Harri dijo...

Egia esan, "Ehun metro" irakurri nuenean, hamabost urterekin edo, txundituta gelditu nintzen. Hark ireki zidan euskal literaturarenganako interesa.

Gerora, Saizarbitoriaren beste obrak irakurri nituen "Kandiskiren tradizioa" eta "Gorde nazazu lurpean". Ez zitzaizkidan batere gustatu, aspertu egin ninduten ("Gorde Nazazu Lurpean" liburutik "Rosettiren Obsesioa", halere, oso narrazio ona dela pentsatzen dut).

Azkenik, eskolarako "Aberriaren alde [eta kontra]" irakurtzea erabaki nuen. Egia esan, Saizarbitoriak dizkion askorekin bat etorri arren, ez zitzaidan saiakera gustatu. Estiloan "zakarra" edo iruditu zitzaidan.